Iraileko bigarren asteburua ate joka. Arraun zale guztiak Kontxari so; lehenengo jardunaldia pasata, trapu preziatua eramateko bi hautagai nagusiak Kaiku eta Urdaibai, Urdaibai eta Kaiku. Komunikabideetan gauza bera; Kortari elkarrizketa, Etxaberi elkarrizketa, Kaikuko arraunlariak han, Urdaibaikoak hemen…
Eta nor gogoratzen da Lekittarraz? Lekeitioko jarraitzaileak, arraunlarien senitarteko eta bikoteak… eta gu, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartekook. Egia aitortu behar badugu, arrotzak zaizkigu tosta, poparean, baliza, branka, aurreko, txanpa, ziaboga edo antzeko terminoak. Baina sailkapen estropadan Isuntza Arraun Elkarteko
Lekittarra ontziak irriño bat marraztu zigun ezpainetan Bai Euskarari zerbitzua eta lana euskaraz pegatina bistaratu genuenean.
Normalean, ontzietako brankak eta popak babesle indartsuen gotorleku izaten dira. Enpresek eta elkarteek eurotan neurtzen dute brankaren eta poparen arteko distantzia, zenbat eta logotipo handiagoa, orduan eta zero gehiago hitzarmenean.
Bestelako elkarteok ez dugu tarterik izaten halakoetan. Horregatik da eskertzeko Lekittarra ontziaren keinua. Animo Lekittarra!


